UDAZKENEKO MENDI EMANALDI ZIKLOA

Aurten ere, urteroko ohiturak jarraituz, Morkaiko Mendizale Elkartetik Udazkeneko Mendi Emanaldi Zikloa antolatu dugu. Aurten asteartetan izango dira, eta ordutegia gaueko 21:30etan, Musika Eskolako Auditorioan.

Hauexek dira antolatutako emanaldiak, bakoitzaren izenburu, deskribapen txiki eta hizlariekin.

Azaroak 13, Asteartea: Iñigo Lariz

Mendi Eskia: txapelketetatik haratago

Bizikletan pedal-kolpe asko eman ostean, txikitatik gustoko zuen jardueran hasi zen, mendi eskian. Eskia eta mendia, biak bat eginda, txapelketek sortzen duten zirraraz beteta. Kirolari elgoibartarrak modalitate eder honetako hastapenetatik gaur egunera arteko bizipenak kontatuko dizkigu.

 

Azaroak 20, Asteartea: Alberto Agirreazaldegi

Kungsleden: Laponia zeharkatzen eskiz

Aurtengo martxoan 9 euskaldunek egindako zeharkaldia da. Norvegiako iparraldean eta Suediako mugan, Abisko parke nazionalean hasi eta Nikkaluoktan amaitu. Sei egunetan zehar, iraupen eskiz, leretatik tiraka, zama eramanez eta aterpetxetan lo eginez.

 

Azaroak 27, Asteartea: Imanol Larrañaga eta Sylvia Sotorrio + Mendikolore emakumeak

Chamonixetik Zermattera: Alpeak ezagutzeko aukera bat

Bi ideia edo bi egitasmo; biak ere Alpeetan mendiaz disfrutatzeko. Biak ederrak eta edozeinek egiteko modukoak. Emanaldi honetan, bi hizlari-talde izango ditugu. Alde batetik, Imanol Larrañaga eta Sylvia Sotorrio, Chamonix-Zermatt mendi-zeharkaldiarekin. Bestetik, Mendikolore taldeko emakumeak izango dira, Zermatt inguruan dauden aukeren berri emateko.

 

Abenduak 4, Asteartea: Josu Bereziartua

Broad Peak 2010: hastapenetara itzulera

“Hastapenetara itzultzeko gogoekin nenbilen. Mediatikoki baldintzatutako azken hogei urteetako espedizioak alde batera utzi, eta mendiaz eta lagunez gozatzeko beharra sentitu nuen. Nire mendi ibilbidearen hasieran bezala libre sentitzeko helburuarekin Karakorumera abiatuko naiz”.

 

Abenduak 11, Asteartea: Iñaki Santiso

Khan Tengri “Mendikate Zerutiarra”

Iñaki Santiso ondarrutarrak, Gorka Ripodas eta Martin Montañes iruñarrekin batera, Asia erdialde ezezagunera eramango gaitu bidaia harrigarri eta interesgarria kontatzeko asmoz. Kirgizistan eta Kazajstan arteko mugan aurkitzen den Khan Tengri gailur ezkutura, Tien Shan mendilerroan, Mendikate Zerutiarraren eremuetan.

Kategoria: Emanaldiak, Orokorra. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude